Gabon Azoka

La Salle Berrozpe Ikastetxeko ikasleek «GABON AZOKA» antolatuko dute datorren larunbatean, abenduak 3: jostailu, ipuin eta berotzeko arropen azoka solidarioa.

Elkartasuna urte osoan zehar da La Salle Berrozpe Ikastetxearen balioa; baina, Gabonak gerturatu ahala, ikasleei —baita gazteenei ere— elkartasuneko ekimenak zein garrantzitsuak diren konturaraztea bilatzen du ikastetxeak, bereziki kolektiborik zaurgarrienei laguntzeko orduan. Horixe da GABON AZOKA ekimena martxan jarri izanaren helburua, eta familiek ikastetxean dohaintzan uzten dituzten jostailu eta ipuinen bilketarekin hasten da. 
Hain zuzen ere, Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako ikasleak eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleak izango dira ekimenaren gidari, 4 eta 7 urte bitarteko ikasleak, alegia. Ekimena GABON AZOKArekin amaituko da, abenduaren 3an, larunbata, Goiko Plazan, 11:00etatik 13:30era. 
Karpa ikasleek apaindutako postuz osaturiko Gabonetako azoka bihurtuko da, eta, bertan, bildutako jostailuak eta ipuinak jarriko dira ikusgai, gero ÉMAÚS gizarte-fundazioari dohaintzan emango zaizkionak.

Gainera, GABON AZOKAk postu berezi bat izango du aurten, ETXEAK BEROTUZ izenekoa. Bisitariek erabiltzen ez dituzten eta ÉMAÚS gizarte-fundazioari dohaintzan eman nahi dizkieten arropak utzi ahal izango dituzte bertan, batez ere berotzekoak, hala nola bufandak, eskularruak, mantak eta polarrak. Negu honetan beren etxebizitzak duintasunez berotzeko zailtasunak izango dituzten Andoaingo eta inguruko familiei helaraziko zaizkie arropa horiek.
GABON AZOKAren amaieran, 12:30 inguruan, azokaren zati ludikoari emango diote hasiera; DBHko ikasleek parte hartuko dute, eta musika —txalaparta eta bertso-saioak— izango da protagonista, eguna alaitzeko helburuarekin