Fabrikazio Adimendunean Espezializatzeko grado BERRIA

La Salle Berrozpek Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-gradua emango du datorren ikasturtean
Espezializazio-ikastaro hori eskaintzen duen Buruntzaldeko ikastetxe bakarra izango da, eta eskualdeko beharrei erantzungo die.

Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-gradua emango dugu datorren ikasturtetik aurrera, Instalazioa eta Mantenimendua adarraren barruan. Horrenbestez, espezializazio-ikastaro hori emango dugun Buruntzaldeko ikastetxe bakarra izango da. Espezializazioko E gradu horrek 900 ordu iraungo du, eta goi-mailako gradu hauetako ikasketak amaitu dituzten ikasleak sartu ahal izango dira bertan: Fabrikazio Mekanikoa, Diseinua edo Elektronika, Automatizazioa eta Robotika, Mekatronika eta Sistema Elektrotekniko eta Automatizatuak.

Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-ikastaroa apustu bat da prestakuntza eskualdeko industriaren beharretara hurbiltzeko. Izan ere, enpresa askok eskatzen dute profil hori, eta, horregatik, % 100eko enplegagarritasuna izango duela aurreikusten da.

Hauek ikasiko dituzte ikasleek, besteak beste, prestakuntza horren bidez: digitaliza daitezkeen produkzio-prozesuaren etapak identifikatzen, produkzio-helburuei erantzuteko; fabrikatutako produktuak egiaztatzen, sistema metrologiko aurreratuen bidez; prozesuak eta/edo makinak egokitzen, aukeratutako teknologia aurreratuak aplikatuz eta segurtasun-, eraginkortasun- eta jasangarritasun-irizpideak kontuan hartuz, eta produkzioa kontrolatzeko sistema enpresaren gestio-sistema digitalekin integratzen, fidagarritasun- eta segurtasun-eskakizunak aintzat hartuz.

Gradu honetako tituludunek fabrikazio digitaleko sistemetan aditu gisa eta metrologiako teknikari gisa jardun ahal izango dute, hain zuzen ere industria-produkzioaren sektorean automatizazio-osagai handia duten eta eragiketa- zein gestio-sistema digital guztiak integratzeko joera argia duten enpresa publiko zein pribatuetan.

Espezializazio-ikastaro honi buruzko informazio gehiago eskuratzeko aukera dago, ikastaroa emango duten irakasleen eskutik, ikastetxean maiatzaren 14an —17:00etan eta 18:00etan— egingo den ateak irekitzeko jardunaldira joanez. Horrez gain, hitzordua eska daiteke gradu hau eta gainerako zikloak ezagutzeko, 943 59 05 57 telefono-zenbakira deituz. 

Maiatzaren 6tik 24ra bitarteko epea egongo da, 2024-2025 ikasturterako aurretiko izen-ematea egiteko.