Diseinuko ikasleek nazioarteko diseinu-lehiaketa irabazi dute

La Salle Berrozpeko LHko ikasleek bi ikasle holandarrekin batera irabazi dute Dordrecht-en egindako nazioarteko diseinu-lehiaketa

La Salle Berrozpeko Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloko lanbide-heziketako lau ikaslek eta Holandako Da Vinci College ikastetxeko bi ikaslek osatutako taldearen nazioarteko proiektuak irabazi du HETELek (Gizarte Ekimeneko LHko Ikastetxeen Elkarteak) antolatu eta aste honetan Dordrechten (Holandan) egin den «Nazioarteko diseinuko» lehiaketa. Proiektua urtarrilaren 14an jarri zen abian eta talde mistoetako ikasleak sarean aritu dira harrezkero, erronkari aurre egiteko asmoz. Aurtengo erronka hauxe izan da: 3D inprimagiluetan erabiltzeko harizpia egiteko makina fabrikatzea, plastiko birziklatua erabiliz. Holandako irakasleek eta enpresetako ordezkariek osatutako epaimahaiaren aurrean ebatzi da nazioarteko erronka. 

Erronkan Euskadiko eta Holandako ikastetxeetako lau talde mistok hartu dute parte eta helburua, berriz, lanbide-heziketako ikasleek nazioarteko harremanak lotzea eta gizarte-arazo baterako irtenbidea bilatzea izan da. Horri esker, erronka gainditzeko elkarlanean ikasteaz gain, ikasleek funtsezko beste trebezia eta konpetentzia batzuk ere barneratzen dituzte, hala nola ingelesaren ezagutza, kultura anitzeko taldeetan lan egitea, independentzia edota autogestioa.  

ZORIONAK ekipo!!
 

E-MOTIVE
Proiektuak e-MOTIVE metodologia erabili du. Metodologia horren bidez, HETELek frogatu nahi du nazioartekotzeak ez dakarrela halabeharrez mugikortasun fisikoa, eta posible dela ikastetxetik bertatik nazioarteko testuinguruan lan egitea. Izan ere, enpresa gehienek halaxe egiten dute lan gaur egun: kokalekuak ez du baldintzatzen nazioartekotzeko ahalmena. Komunikazio-teknologiek alor horretan hartzen dute, hain zuzen, berebiziko garrantzia.