Ikasleak enpresei beren lanak aurkezten

Gaur  LSBko Mantenimendu Elektronikoko ikasleek Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako eta Tknikak koordinatutako proiektuaren baitan azken bi ikasturteetan egindako lana aurkeztu diete enpresei. Alde batetik, zikloan zehar landutako eta garatutako proiektuak azaldu dituzte, eta bestetik,lan egiteko erabili duten eredu berritzailea.

Iaz, LSB lanbide heziketan eredu berritzaile bat garatzeko helburua duen proiektu baterako partaide aukeratua izan zen. Helburua oso garbia da: ikasleen gaitasun profesionalak enpresen beharretara hobeto egokitzea. Horretarako ikaskuntza eredua aldatu behar izan dugu eta gaitasun teknikoez gain zeharkako gaitasunak lantzeko eta entrenatzeko aukera eskaintzen duen dinamika berri bat sortzen ari gara. Ikasleak dira ikasketa prozesuaren protagonista nagusiak eta irakasleak laguntzaile eta gidariak dira; guztia metodologia kolaboratiboak ardatz hartuta.

Ikasleek, gaur, hori guztia aurkezteko eta enpresekin alderatzeko aukera izan dute beraiek antolatu duten ekitaldian. Eskualdeko bederatzi enpresa egon dira gurekin eta esperientzia ezin hobea izan da. Ekitaldia goizeko 11:30ean hasi da ikastetxeko zuzendariaren agurrarekin. Ondoren ikasleek eta irakasleek beraien esperientzia aurkeztu dute, eta gelak eta proiektuak ezagutu ondoren, enpresekin solasaldi bat antolatu dute iritziak jaso eta hobekuntza arloak kontuan hartzeko.

Gogoz eta ilusioz jaso dituzte ikasleen jardunaldira etorri diren enpresen ekarpenak eta oso gogoan hartu dituzte jasotako gomendioak

Mila esker gurekin jardunaldian parte hartu duzuen enpresa guztiei.