La Salle Berrozpe eta Salkin elkartea lankidetzan ariko dira herriko saltegi txikietako langileak trebatzeko

La Salle Berrozpe Ikastetxeak zenbait prestakuntza-ekintza gauzatuko ditu hilabete honetan, Andoaingo dendarien eta ostalarien Salkin elkartearen lankidetzarekin. Profesionalak birziklatzea da ekimenaren helburua, eta Salkin osatzen duten establezimenduetako langileek dituzten prestakuntza-beharrei erantzutea —Salkinek eta La Salle Berrozpe Lanbide Heziketako ikastetxeak aztertu dituzte beharrok—.

Otsailean ekingo diote prestakuntza-ekintzari. Ikuspegi oso praktikoa izango du, denda txikien egoeratik oso gertukoa. Batetik, saltegi txikietan sare sozialak erabiltzearen inguruan trebatuko dituzte partaideak, eta, bestetik, larrialdietan egin behar denaren eta lehen laguntzen inguruan. Ikastaroak erabat doakoak dira, HOBETUZek finantzatzen baititu.

Bi talde osatuko dituzte prestakuntza-ekintza bakoitzean, eta lan-jardunaren araberako ordutegia ezarriko zaio bakoitzari: dendariena bata eta ostalaritzako langileena bestea.

Ikastaroetan parte hartzeko informazio gehiago nahi dutenek hiru aukera dituzte: Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxera joatea, 943 59 05 57 telefonora deitzea eta Salkin elkartearekin harremanetan jartzea. Oraindik ere lekua dagoenez, edozein saltegi edo ostalaritza-establezimendutako langileek eman dezakete izena, baina baita beste edozein sektoretakoek ere. Langaberen batek edo bestek ere izan dezake ikastaro horietan parte hartzeko aukera.