Balioak sinesmen iraunkorrak dira. Gizakiaren jokaera zuzentzen dute. 70 urte baino gehiago dituen La Salle Berrozpe ikastetxeak eskola-bizitzaren etapa guztiak hartzen ditu, eta ziur gaude erakundeen baliorik gorena pertsonengan sinestea dela. Kudeaketa- eta berriztapen-sariak jaso ditugu kalitatea eta jasangarritasuna modu iraunkorrean ziurtatzen ditugulako. Gogo biziaz aritzen gara gure garaiari aurrea hartzen dioten kudeaketa-sistemak ezartzen.
Konpromiso horrek ahalegin iraunkorra eskatzen du geure engranaje konplexuan. Kalitatezko hezkuntza baten alde egiten dugu lan, eta geure eskualdean tendentzia markatzea bilatzen dugu, ikastetxe berriztatzailea eta jasangarria izanez.
Horregatik, Andoaingo La Salle Berrozpe proiektuaren zuzendari gisa, lerro hauek aprobetxatu behar ditut LSB proiektua ahalbidetzen duten pertsona guztien lana azpimarratzeko. Investors in People-ek “Choice of Gold” saria jaso izanak ere aukera ematen dit ordezkatzen dudan taldearen lana harrotasunez goraipatzeko.
Orain dela hamar urte, kudeaketa-ereduak hezkuntza-munduan azaltzen hasi ziren garaian, LSBko liderrek kudeaketa parte-hartzaile baten alde egin zuten apustu. Gaur egun, baieztatu dezakegu orduko ikuspena geure etorkizunaren giltza izan zela.
Ikastetxeko pertsonekin eta pertsonentzat Kudeaketa-Sistema bat diseinatu genuen: langileak, ikasleak, familiak, enpresak... pertsona guztiak LSB Proiektuan konprometitu genituen, ardurak eta erabakiak hartzen lagunduz. Ibilbide honetan IIP araua geure bidelagun garrantzitsuena bilakatu da, LSB osatzen duten pertsonak –maila profesionalean zein pertsonalean– agente aktibo izan daitezen ziurtatzeko.
Geure ikastetxean ohikoa da langileek parte hartzea, estrategiaren parte izatea eta erakundearen balioak erabiltzea (kide izatean, berriztatzean eta jasangarritasunean) euren harreman profesionalean nahiz pertsonalean. LSBn formazio profesionala eta pertsonala eguneroko lanerako ezinbesteko mugarriak direla deritzogu. Denok hezten gara, baina, gainera, denok ikasten dugu denongandik.
LSB osatzen dugun pertsona guztiak (irakasleak, administrazioko pertsonala, zerbitzuetako pertsonala, liderrak eta kolaboratzaileak) familia bat izatea lortu dugula kontatu diezazueket, baina nahiago dut Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxean lan egiten duten zenbait pertsonaren hitza bertan jaso, gogoeta honen agur gisa.
“Zentro hau nire etxea da. Nire bizitza profesionala zein pertsonala osatzen dituen ekipo batekin egiten dut lan. 23 urte nituenean sartu nintzen, eta gaur egun, 35 urterekin, nire kategoria profesionala zor diet nire arduradunak nigan jarritako konfiantzari, Zentroan egin dudan ikasketari eta neure kideekin konpartitu ditudan esperientziei”.
“La Salle Berrozpek hamaika aukera profesional zein pertsonal eman dizkit. Erakundearen barruan postu ezberdinetatik igo eta igarotzeko aukera izan dut. Lan hauek guztiak egin ahal izateko, beti izan dut aldez aurretiko formazioa, eta euskarri edo laguntza bat neure kudeaketa garaian. Dena ez da lana, eta gaur egun baieztatu dezaket hemen dagoela lagun eta kide onak ditudan tokia” .
“Ikasle etorri nintzen lehenengoz eskola honetara 1983an; ondoren, aisialdi taldeko begirale, eta geroago kanpaldiko zuzendaria izan nintzen. Nahiz eta ikasketak probintziatik kanpo egin, orduan ere ez nuen ikastetxearekiko kontaktua galdu. Goi mailako ikasketak bukatuta, ostean kirol-arduradun izateko itzuli nintzen, eta handik urte gutxitara, irakasle gisa. Zenbait urtetan etapa-arduradun izan naiz; orain, Pertsonen Arduraduna naiz eta eskertu beharrean sentitzen naiz arrazoi horiengatik guztiengatik. “Bertako parte bat” izatea da sentitzen dudana, eta konfiantza, errespontsabilitatea eta eskerra da jasotzen dudana...”.
“Bizitza pasatzen doa pixkana-pixkana. Halakoren batean, La Salle Berrozpen egindako ibilbidea datorkigu burura. Ez da ez erraza, ez sinplea: Hezkuntza-erreformak, kudeaketa-metodo ezberdinak eta, nola ez, joan- etorrian dabiltzan ume, gazte eta helduak ditugu. LSBtik gehien gustatzen zaidana da talde lanean aritzen garela beti erronkak, ilusioa, eta proiektu berriei ekin eta lorpenak eskuartzeko. Eta, nola ez, lorpen guztien atzean kideen artean egiten dugun ospakizuna dago”.
Niretzat LSB lan egiteko leku bat baino, nire bigarren familia da: ilusioak, desirak, lana, gauza onak eta txarrak... konpartitzeko toki eta denbora da. LSBn lagunak dauzkat, eta hainbat gazteri beren heziketan etorkizunerako prestatzen laguntzea daukat; gustatzen zaidan zerbaitetan egiten dut lan, neure hondar alea gehitu dezaket beti gauzak hobetu daitezen; maitasun handia ematen dut eta jasotzen dut... eta gainera, ordaindu egiten didate horrengatik! LSBn lan egitea luxu handia da!”.
“La Salle Berrozpe: Bizipenez beteriko pertsonak gara, geure arrakasta, hutsegite, kointzidentzia, eztabaida eta mugekin… Baina, beti ilusioz beterik. Bizitzen eta elkarbizitzen irakastera konprometiturik, geure ikasleei laguntzen diegu inguratzen gaituzten pertsonen eta inguratzen gaituen ororen onena aurkitzen".
David Urtasun
Andoaingo La Salle Berrozpeko zuzendaria.