“Aste Osasungarria” ekimena gure ikasleen elikadura-ohiturak hobetzeko

Azaroaren 25etik 29ra, La Salle Berrozpek “Aste Osasungarria” ospatuko du, Ausolanen eta Andoaingo Ugalde Nutrición kontsultaren laguntzarekin. Ekimen horren helburua ikasleen nutrizio-ohiturak hobetzea da eta beren hazkuntzarako, errendimendurako eta garapenerako elikadura oso garrantzitsua dela jakinaraztea.

La Salle Berrozperen “Aste Osasungarrian”, Ainara Ugalde nutrizionistak hitzaldi bat eskainiko die DBHko eta batxilergoko ikasleei. Gainera, elikadura osasungarriari buruzko bideoak ikusi ahal izango dituzte eta aste osoan zehar hamaiketakoak emango zaizkie, fruta edo ogitartekoa (Ausolanek emandakoak). 

Bestalde, lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleei gosari osasungarri bat emango zaie, azaroaren 29an, ostiralean, baita Maialen Campo nutrizionistaren hitzaldi bat ere. Maialenek horren abantailen berri emango die. 

Gainera, proiektuak honako helburu hau du: lehengaiak kontsumitzea produktu prozesatuak eta plastifikatuak (opil industrialak) kontsumitzea baino jasangarriagoa dela jakitera ematea ikasleei. Horrela, planetaren jasangarritasuna ere sustatzen dugu.