Pertsonen balioa

Bi aste luze dira mundua, gure mundua, ohituta geunden mundua, eraldatu egin dela. Harremanak izateko modua aldatu da, mugitzen garen espazio fisikoa aldatu da, inguratzen gaituenari buruzko begirada aldatu da, gure lehentasunak aldatu dira. Egunero egiaztatu behar dugu lehen ziurtzat ematen genuen hori, eta berariaz adierazi, txalotu eta aitortu behar dugu lehen isilean eskertzen genuena.

Zuk egiten duzu La Salle, gure ikastetxeetan hezitzaile, administrazio eta zerbitzuetako langile, informatika teknikari zaren edo bestelako lanetan aritzen zaren horrek. Zuk ere, familia maite horrek, gu aukeratu gaituzulako zure seme-alabak hazi eta hezi daitezen. Eta zeuk, ikasle maite horrek, egunero gure ikasgeletara etorri eta gure lanari zentzu betea ematen diozulako. Zuk egiten duzu La Salle, proiektu hau hirurehun urte igaro ondoren bizirik dirauen elkarte honen partaide zaren aldetik. Ezinezkoa litzateke hori guztia zu gabe, zure ahaleginik, konpromisorik, eskuzabaltasunik, berrikuntzarik, entregarik, denborarik, inplikaziorik, konfiantzarik, errespeturik eta jarrera baikorrik gabe.

Erronka berezi eta ezohikoak ditugu garai berri honetan, ez baita erraza eskolako lanari bidea zabaltzea ikastetxearen eta etxearen artean, baina beste behin erakutsi duzu gure salletar familian pertsonak direla inportanteak, gure misioaren ardatz eta erdigune direla, eta inoiz baino gehiago barneratu duzu ikasturte honetako goiburua, ederki egiten dakizun hori egiteko beste modu bat imajinatu baituzu: zure ikasleen gidari izaten jarraitzen duzu, inoiz baino gehiago behar baitzaituzte ondoan, egoera berri honetan ikasten jarraitzeko; gure ikastetxeak kudeatzen jarraitzen duzu, urrunetik bada ere; zure seme-alabekin batera partekatzen duzu ikaskuntza hau eta beren ametsen alde egin dezaten saiatzen zara; eta beste alde horretan zaude, zure helburuak lortzeko ahalegina egiten, protagonista sentituz, zuregan etorkizuna ikusten duten horiek ondoan dituzula.

Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkizugu. Eskerrik asko egoera berri honetan goizero jaiki, zure irribarrerik zabalena erakutsi eta hezkuntza lanarekin jarraitzeko behar diren prestaketak, proposamenak, erantzunak ekintzak, konexioak eta lanak bideratzen dituzulako. Eskerrik asko ekimenak partekatzeagatik, proiektuak abian jartzeagatik, pazientzia izateagatik, zure gomendio onenak emateagatik, parte hartzeagatik eta guztiok parte hartzera animatzeagatik. Eskerrik asko garai zailetan gauzak erraz egiteagatik. Eskerrik asko profesional izateagatik, lankide izateagatik, senide izateagatik, zu izateagatik. Eta, batez ere, eskerrik asko La Salle izeneko proiektu honen funtsezko pertsona izateagatik, garai zail hauek elkarrekin gainditzen laguntzeagatik. Ospatzekoa dugu salletar familia handi honen partaide izatea.

Bide horretan urratsak egiten jarraitzera animatzen zaitugu. Ondoan izango gaituzu, zure alde eginez eta egiten duzun lan handia aitortuz, edozein delarik ere zure zeregina. Guretzat zu zara gure balio nagusia, zu zara La Salle, zuk egiten duzu posible proiektua, zuri esker hazten gara, eta zure konpromiso, konfiantza eta entrega saiatuari esker betetzen dugu gure misioa: hezkuntzaren bidez eragitea nonahi premia handian dagoenari erantzunak emateko eta gizarte bidezko eta solidarioa eraikitzen saiatzeko.

mila esker