Euskaraldia

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia ariketa sozialean izena eman duela La Salle Berrozpek.

Zer da Euskaraldia?

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da, euskararen erabilera areagotzea helburu duena. Esperimentu kolektiboa da, ditugun hizkuntza ohiturez eta portaerez jabetu, ohiturak aldatu eta euskara gehiago hitz egiteko aukera ahalbidetuko duena.

Zergatik parte hartu Euskaraldian?

Gure inguruan uste dugun baino jende gehiagok ulertzen du euskara. Zuen seme-alabek euskararekiko jarrera ona eta aktiboa daukazuela ikusteko modu bat da, eta horrek beraiei euskaraz egiten lagunduko die, ziur. Euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasatu edo ingurukoei euskaraz egin dezaten lagundu nahi badiezue, Euskaraldiak pauso hori emateko aukera paregabea emango dizue, 15 egunez. Parte hartzeko bi aukera dituzue:

Euskaraldia

Belarriprest izatea: “Lekuaren, gaiaren edo egoeraren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, ez dut beti euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri une oro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.”

Ahobizi izatea: “Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut une oro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila bada ere, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot, kideek ulertzen dutenean.”

Gogoratu rola aukeratzean gakoa jokaeran dagoela, ez gaitasunean!

Hizkuntza ohiturak aldatzeko jarrera aktiboa hartu nahi baduzue, Euskaraldian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu!

Parte hartzeko, www.euskaraldia.eus atarian eman behar duzue izena eta identifikazio txapa eskuratu ahal izango duzue.

Eskerrik asko gurekin bat egiteagatik!