Aurtengo leloa: "La Salle gara"

Mundu osoko salletarrok data berezi bat gogoratuko dugu ikasturte honetan: 1719ko apirilaren 7a. Egun horretan, Salleko Joan Bautista hil zen Rouenen (Frantzia). Duela 300 urte hil zen gure fundatzailea, eta, orduz geroztik, Salletar Eskolak mundu osoan zehar hedatu dira. Gaur, familia handi bat da La Salle, ikaslez, Anaiez, irakaslez, familiez, ikasle ohiez, zerbitzuetako langilez, animatzailez, katekistez, entrenatzailez eta abarrez osatutakoa. GUZTIOK GARA LA SALLE. 

Aurtengo kartelak ideia hori adierazi nahi du, hain zuzen: eskuinean, fundatzailearen aurpegia: iragana, bere pertsona eta lekukotasuna. Salleko Joan Bautistak esker onez ikusten du nola garatu den berak hasitako lana. Ezkerrean, karteletik irtenez bezala, gaur egun hark abiarazitako historiaren zati garenak, karisma horretatik bizitzera deituak sentitzen garenak eta salletar familiaren kide guztiak. 

Guztiok gara protagonista: irakasten duen irakaslea, mundua aurkitzen duen ikaslea, hezkuntza-komunitatearen zati den familia, kirol-jardueretan parte hartuz aire zabalean hazten diren gazteak, musikan eta artean hazten direnak, naturan eta berrikuntza-proiektuetan hazten direnak…

La Salleko logoa, izarra duena, gure nortasun-sinbolo bat da, eta hirugarren mendeurrenaren logoak aurten ospatzen dugun urte berezia eta efemeride hori seinalatzeko Institutu osoak erabilitako goiburua ekartzen digu gogora: De La Salle 1719-2019. Bihotz bera. Konpromiso bera. Bizitza bera.

300 urte hauetan, salletar proiektuaren adierazpena aldatzen joan da, eta bizitasunez eta sormenez bete da. Horregatik, aniztasun hori adierazi nahi izan dugu kartelean, hainbat elementu txertatuz. Galdera hau egin dezakegu: zer iradokitzen digute kartelean ikusten diren elementuak?  Ikasleei galde diezaiekegu.