Kanpezu bizirik 2020 kanpaina

La Salle Berrozpek udalekua egokitu du Kanpezu Bizirik kanpainaren bidez, eta aurrez aurreko zein onlineko jarduerak eskainiko ditu uztailaren 1etik 10era

La Salle Berrozpe ikastetxeak 45 urtez baino gehiagoz antolatu duen Kanpezu udaleku-eskaintza berregokitzea erabaki du, COVID-19a dela-eta aurten ezingo baita Santikurutze Kanpezun egin, orain arte bezala gauak bertan igarota. Hala, ikastetxeak Kanpezu Bizirik antolatu du, uztailaren 1etik 10era bitartean aurrez aurreko eta onlineko jarduerak eskaintzeko. Boluntariotzan oinarritutako egitasmoaren helburua Andoaingo haurren eta haien familien poztasunari eustea da. Hamar egun horietan, 30 begirale boluntariok eta La Salle Berrozpeko irakasleek jarduerak antolatuko dituzte ikastetxeko LHko 4 mailatik DBHko 4. mailara arteko ikasleentzat. Hiru motatako jarduerak aurreikusi dira: etxetik online egitekoak, kalean norberak bere kontura egin ditzakeenak eta aurrez aurrekoak Andoainen bertan, begiraleen laguntzarekin. 

Askotariko ekintzak izango dira, udalekukoak gogorarazten dituztenak: pista-ibilaldiak, argazki-rallya, DELTA erronka, kamisetak tindatzea, errezetak, azeriaren jokoa eta abar. 

Jarduera guztietan COVID-19a saihesteko neurriak zorrotz bete beharko dira, hala nola maskara erabiltzea, segurtasuneko distantzia gordetzea eta gel desinfektatzailea erabiltzea.