Bastero erakusketa-aretoan, argazki-erakusketa bat izango da, maiatzaren 6tik 28ra, La Salle Berrozpe ikastetxearen Kanpezuko (Araba) udako kanpamentuen 50. urteurrena ospatzeko. Izan ere, milaka andoaindar igaro dira kanpamentu horietatik urte horietan. Argazkiak ez ezik, zenbait objektu ere egongo dira ikusgai erakusketan.
Kanpamentuak naturan betean euskaraz bizitzeko aukera ematen du, eta sormena sustatzen du jarduera dibertigarrien bidez (jolasak, irteerak, lantegiak, gau-jaiak eta abar).
Kanpezuko lagun askok hartu dute parte ekimen honetan, eta beren artxiboko argazkiak utzi dituzte. Erakusketak 5 hamarkada horietako esperientziak eta bizipenak islatu nahi ditu, eta, nolabait, kanpamentuaren bilakaera ere bai. Ordu hauetan egongo da irekita: astelehenetik ostiralera 08:30etik 20:00etara (astearteetan itxita), eta larunbatetan 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era.
Uda honetan ekainaren 28tik uztailaren 21era bitartean 4 txandetan joango direnek bete-betean biziko dute esperientzia; izan ere, iaz, neurri murriztaileak izan ziren COVID-19a dela eta.