La Salle Berrozpe ikastetxeak urrezko domina lortu du Europako Lanbide Heziketako EuroSkills olinpiadetan, Diseinu Mekanikoa - CAD modalitatean, Gdansken, Polonian. Asteburu honetan eman dute epaiaren berri. Estatuan lortu den txapelketako urre bakarra da. Gertaera gogoangarria da Euskadiko lanbide-heziketarentzat; izan ere, lehen aldia da Euskadiko ikasle batek Europako sari hori jasotzen duela. Txapelketan, 25 urtetik beherako eta 32 herrialdetako 600 ikaslek hartu dute parte 43 modalitatetan. 43 modalitateetatik, La Salle Berrozpeko ikasleak soilik lortu du urrea Estatu osoan.
Hain zuzen, Garikoitz Mujika ikasleak, Aitor Ibarguren irakasle eta prestatzailearekin, lehen postua lortu du Europan, EuroSkills txapelketan, Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza - CAD kategorian, Europako beste herrialde batzuetako 13 parte-hartzaileri nagusitu ostean. 2022ko martxoan ere urrea lortu zuen, Madrilen, Espainiako Lanbide Heziketako SpainSkills Txapelketan.
Urtebetez, egunero entrenatu dute bi-biek, irakasleak eta ikasleak, eta, orain, hiru proba gainditu behar izan dituzte: erronka mekanikoa, atzeranzko ingeniaritza, eta modelatzea eta muntaketa. EuroSkills txapelketan, lehiakideek gaitasun teknikoak erakutsi behar dituzte, bai banaka bai taldean, ikasten ari diren eta etorkizunean erabiliko dituzten trebetasunekin lotutako zeregin espezifikoak gauzatzeko.
Erronka handia izan da tutorearentzat zein ikaslearentzat. Biek azaldu dutenez, «hain da handia txapelketako maila, ezen hasieran zaila ikusten genuen domina bat lortzea. Lehiaketak aurrera egin ahala, ordea, aukera genuela ohartu ginen, eta urrea lortu dugu. Horrek agerian jartzen du Euskadiko lanbide-heziketaren maila handia, baita gure ikastetxeko irakaskuntzaren kalitatea ere».
Lehenago ere sailkatu da La Salle Berrozpe Europako edo munduko lanbide-heziketako txapelketarako. 2017an, hain zuzen, La Salle Berrozpeko ikasle bat eta haren irakaslea —Xabier Puertas, ikastetxeko lanbide-heziketako egungo zuzendaria— WorldSkillsen lehiatu ziren, Abu Dabin, SpainSkillsen urrezko domina irabazi ondoren.