3D inprimagailuekin egindako 100 babes-biserak Uzturre egoitzarako

La Salle Berrozpe ikastetxeak 3D inprimagailuz egindako 100 babes-bisera eman dizkio dohaintzan Uzturre egoitzari

COVID-19aren aurkako borroka guztion artean irabazteko bere ekarpentxoa egin du La Salle Berrozpe ikastetxeak. Euskadiko LHko beste ikastetxe askorekin batera babes-biserak egiteko egitasmoan parte hartu ondoren, Tolosako Uzturre adinekoen egoitzak eginiko erronka onartu du ikastetxeak berrikitan: egoitzako langileentzako 100 babes-bisera egitea. Erronkari erantzunez, 3D inprimagailuen bidez 100 babes-biserak egin eta entregatu dizkio egoitzari.

Ikastetxeko lanbide-heziketako bi irakasle (Josema Fernández proiektuaren arduraduna eta Xabi Puertas) arduratu dira erronkaz, hau da, biserak egin eta Tolosako Uzturre adinekoen egoitzari emateaz, bertako langileek erabil ditzaten. La Salle Berrozpe ikastetxea Andoaingo Udalaren esanetara jarri da, zerbitzu hori Udalari eta behar duten guztiei eskaintzeko.