La Salle Berrozpek WorldSkills munduko txapelketan parte hartuko du

La Salle Berrozpek WorldSkills munduko txapelketan hartuko du parte hil honetan, Diseinu Mekanikoa - CAD modalitatean, martxoan SpainSkills irabazi ondoren.

La Salle Berrozpe ikastetxeak mundu-mailako WorldSkills olinpiadetan hartuko du parte urrian, Diseinu Mekanikoa-CAD modalitatean, joan den martxoan Madrilen jokatutako Espainiako Lanbide Heziketako SpainSkills txapelketako modalitate berean urrezko domina irabazi ondoren.

Garikoitz M. ikaslea Aitor Ibarguren tutorearekin batera joango da munduko txapelketara, Madrilen urrezko domina eskuratu eta gero. Txapelketa Bordelen jokatuko da urriaren 19tik 21era.

Hasiera batean munduko txapelketa Shangain egitekoa bazen ere, logistika-arrazoiak eta COVID-19ak eragindako murrizketak medio, zenbait egoitzatan egingo da —Bordelen, Kanadan, Finlandian…—, lanbide-familien arabera. Urriaren 22an, larunbatez, emango da irabazleen berri, txapelketaren amaiera-ekitaldian.

Asteotan, irakaslea eta ikaslea finalerako entrenatzen ari dira. Hala, txapelketan aurki ditzaketen azterketa eta ariketa ugari prestatzen ari dira. Aitor Ibargurenek azpimarratu duenez, «Garikoitzek lan handia egin behar du, bai txapelketaren aurretik eta bai lehiaketan bertan; egun libreak hartuko ditu txapelketara joateko, eta lan-orduetatik kanpo ari da prestaketa-lanak egiten. Eskertzekoa da, benetan».