La Salleren y UNICEFen arteko akordioa

Euskadiko, Errioxako eta Zaragozako La Salle ikastetxeek lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute UNICEFekin haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko eta zabaltzeko.
  • Jesús Félix Martínez, La Salle Hezkuntza Sareko zuzendaria: “haurrei eta gazteei beren duintasunaz jabetzen laguntzea da La Salleren egiteko nagusia bere sorreratik”.

  • Itziar Muniozguren, La Salle hezkuntza-sareko zuzendaria Euskadin, Errioxan eta Zaragozan: “haurren eta nerabeen hezkuntza da gure konpromiso sendoa, eta horregatik aritzen gara hezkuntzatik eman ditzakegun erantzun bikain eta eguneratuen bila gure ikastetxeentzat eta gizarte-hezkuntzazko proiektuentzat”.

Euskadiko, Errioxako eta Zaragozako La Salle ikastetxeek eta UNICEFek lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute haurren eskubideak eta herritartasun globala ezagutarazi eta bultzatzeko; hezkuntzan parte hartzeko bideak zabaltzeko haurrentzat, gazteentzat eta familientzat; eta Haurren Nazioarteko Eguna eta UNICEFen beste jarduera eta ekintza batzuk sustatzeko.

Hitzarmena asteazkenean, hilak 28, aurkeztu da Bilboko La Salle ikastetxean eta, akordio horren bidez, kalitatezko hezkuntza inklusiboa indartuko da La Salle ikastetxe horietan guztietan, Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) eskatutakoa, haur bat bera ere atzean gera ez dadin.

Hezkuntza-komunitate osoa gogoz arituko da izenpetu berri den hitzarmena betetzeko. Ekintza ugari egingo dira ikasleak herritar arduratsuak izan daitezen eta, arian-arian, pertsona bakoitzak, komunitateak eta, finean, gizarte osoak aurrera egin dezaten. Lan horretan guztian, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena izango da erreferentzia nagusia.

Hamabost La Salle ikastetxe eta gizarte-hezkuntzazko bi obra horiek UNICEFekin batera egingo dute lan, Haurren Eskubideen eta Herritartasun Globalaren Hezkuntzan ikastetxe erreferenteak izateko; horretarako, Haurren Eskubideen Hitzarmena beteko dute UNICEFen programaren lau ataletan, hezkuntza-komunitate guztiaren parte-hartzearekin: haurrek zer eskubide dituzten jakitea eta eskubide horiek indartzea; haurrak babestea eskola-eremuan; eskola-giroa; eta haurrek zein nerabeek egunez egun erabakietan parte hartzeko espazioak sustatzea.

Hitzarmenaren aurkezpenean, La Salle Bilboko ikasleek UNICEFeko logoaren inguruan jarri dituzte ikastetxeen logotipoak, izenpetu berri den konpromisoa irudikatzeko. Bertan, hau adierazi du Isidro Elezgaraik, UNICEFek Euskal Autonomia Erkidegoan duen batzordeko presidenteak: “hezkuntzak indar eraldatzailea du. Haurren eta nerabeen eskubideekiko konpromisoa duten ikastetxeetan, haurrek, zer eskubide dituzten ikasteaz gainera, bizi eta erabili egiten dituzte beraien eskubideak”.

Bestalde, hau adierazi du Itziar Muniozgurenek, La Salle hezkuntza-sarearen Euskadiko, Errioxako eta Zaragozako zuzendariak: “haurren eta nerabeen hezkuntza da gure konpromiso sendoa, eta horregatik aritzen gara hezkuntzatik eman ditzakegun erantzun bikain eta eguneratuen bila gure ikastetxeentzat eta gizarte-hezkuntzazko proiektuentzat. UNICEFek aukera paregabe bat eskaintzen digu ikastetxe erreferenteen programarekin, haurren eskubideen eta herritartasun globalaren ikuspegia baitarabil, eta programa horretan parte hartzea erabaki dugu”.

Eta, azkenik, hau adierazi du anai Jesus Felix Martínezek, Espainia eta Portugaleko La Salle hezkuntza-sareko zuzendariak: “haurrei eta gazteei beren duintasunaz jabetzen laguntzea da La Salleren egiteko nagusia bere sorreratik eta, lan horren bidez, jakintza eskuratzeko eta gizarteratzeko aukerak eman nahi dizkie, pertsona konpetenteak eta baliotsuak izan daitezen gizartean”.