HH - Zentzumen tailerra

La Salle Berrozpe Ikastetxeak Zentzumen Tailerra antolatu du, Montessori materiala eta pedagogia erabiliz, 2017an jaiotako Andoaingo haurrentzat eta beraien familientzat

Datorren larunbatean, hilaren 27an, 10:30ean, Zentzumen Tailerra egingo da La Salle Berrozpe ikastetxean, Montessori pedagogia eta materiala erabiliz. 2017an jaiotako haurrak eta beraien familiak izango dira hartzaileak.

Haurrak behatzen hasi zenean, Montessori ohartu zen haurrari giro antolatu batean askatasunez aukeratzen eta jarduerak kudeatzen utziz gero, bere etorkizuneko nortasuna garatzeko behar izango dituen konpetentziak menderatzeko eta gauzatzeko baldintza hobean egoten dela.

Eremuak haurrari egokitutako altzariak eskaini behar ditu, giro egoki, arin eta txukun batean. Hartara, haurrak bere kabuz aukeratu eta hartu ahal izango ditu gauzak eta materialak, helduaren mende egon beharrean. Pedagogia horretan, helduaren zeregina haurra bideratzea eta behatzea izango da.

La Salle Berrozpek Zentzumen Tailerra proposatzen du, senideek eta haurrek elkarrekin jolasteko, material birziklatuak, naturalak, benetako eguneroko bizitzakoak, erabiliz.

Aldez aurretik izena eman beharko da telefono honetan: 943590557 edo lsbandoain@lasalleberrozpe.eus posta elektronikoan.