La Salle Berrozpek BEZari buruzko Jardunaldi Teknologikoa antolatu du tokiko enpresentzat.

Jardunaldia ostegunean, maiatzak 31, 15:30etik 17:30era bitartean egingo da La Salle Berrozpen (La Salle etorbidea, 5), Sayma enpresaren lankidetzarekin

La Salle Berrozpe Ikastetxeko (Andoain) LSBenpresa arloak, SAYMA enpresaren lankidetzarekin, BEZari (BIH) buruzko jardunaldi teknologikoa antolatu du tokiko enpresa edo pertsona interesatuentzat, maiatzaren 31rako, ostegunerako. Jardunaldia La Salle Berrozpen (La Salle etorbidea, 5) egingo da, 15:30etik 17:30era bitartean, eta doakoa izango da. 

Tokiko enpresei euren jarduera ekonomikorako funtsezkoak izan daitezkeen gaurkotasuneko gai interesgarriak hurbiltzea da jardunaldi teknologikoen helburua. Oraingo honetan, "BEZaren Berehalako Informazio Hornidura (BIH)" izango da jardunaldiaren gaia. Tresna horren aplikazioari eta operatibari buruzko zalantzak argitzea eta ezagutzak eskuratzea da, beraz, prestakuntza-jardunaldiaren helburua. Dagoeneko BIHaren eskakizunak bete behar dituzten edo laster bete beharko dituzten Tolosa-Donostialdeko enpresetako kudeatzaileei, finantza-zuzendariei eta administrazioko langileei dago zuzenduta jardunaldia. 

Saymako zerga-aholkulari Victor Etxeberria eta Hodei Etxaniz izango dira jardunaldiko hizlariak. Biek ala biek esperientzia zabala dute zerga-aholkularitzan. Honako gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste: fakturazio-araudia, sortzapenaren kontzeptua eta aitorpenak. 

Interesatuek bertaratzeko asmoa dutela jakinarazi behar dute Saymaren 943 440044 telefono-zenbakian (Virginia Bercedoz galdetu) edo v.bercedo@sayma.es helbide elektronikoan.