Euskararen Nazioarteko Eguna

Igandean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Nazioartekoa, bai, euskaldunak kontinente guztietan hedaturik gaudelako.

Historia pixka bat:

Euskararen Eguna lehen aldiz abenduaren 3an,  1947an ospatu zen, Nazioarteko Eusko Ikaskuntzak bultzatuta.

1995ean, Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak egun hori berrindartzeko proposamena egin zuen, eta Euskararen Eguna ofizial izendatzeko eskatu zuten. Egun hau diasporako euskaldunek egun handitzat baitzuten. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ontzat eman zuten proposamena. Hortaz, abenduaren 3a, Xabierko Frantziskoren eguna, Euskararen Eguna izendatzea erabaki zuten.

Eskolan:

Ikastetxean, Euskararen Egun aurten abenduaren 1ean, ostiralean, ospatuko dugu. Hainbat jarduera antolatu ditugu etapa guztietan, euskararen aldeko sentsibilizazioa lantzeko eta euskararen erabilera sustatzeko.

Ekintza horietako bat euskararen txantxangorriarekin atera dituzuen argazkiekin osatutako bideoa izango da. 

Hala ere, garbi daukagu eskolan egiten den lanarekin bakarrik ez dela nahikoa zuen seme-alabak eta ingurua euskalduntzeko. 

Etxean:

Egun hori dela eta, arreta berezia jar dezakezue  seme-alabek euskaraz hitz egin dezaten. Euskal Telebista edo irratia entzutera animatu. Gabonak gertu ditugunez, euskal liburu edo euskal produkturen bat oparitu. Hizkuntza bera baloratu eta garrantzia eman.

Gogoratu, bihartik aurrera eskolako web orrian ikusgai izango dituzuela zuen argazkiekin sortu ditugun bideoak. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu bideoa egiteko argazkiak bidali dizkiguzuen guztioi. Mila esker!