HHZZ - EuroSkills Europako lehiaketa

La Salle Berrozpe Budapesten izango den EuroSkills Europako lehiaketara joango da, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Spainskills lehiaketa irabazi ondoren

La Salle Berrozpe EuroSkills Europako lehiaketara joango da, Euskadin eta Espainian CAD Diseinu Mekanikoko txapelduna izan ondoren. Lehiaketa Budapesten egingo da, irailaren 25etik 29ra bitartean, eta 28 herrialdetatik joandako 600 lehiakide bilduko dira, 40 kategoriatan lehiatzeko asmoz. Ikastetxeko Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloko ikaslea izan den Iker Borde joango da Budapestera, Xabier Puertas irakaslearekin batera. Bordek Europako lehiaketan (EuroSkills) hartuko du parte, Euskadin eta Espainian modalitate horretako txapela eskuratu ondoren. Joan den urtean ere, Abu Dhabiko munduko txapelketan (WorldSkills) hartu zuen parte. 

Euskadin eta Espainian, Skills lanbide-heziketako ikasleen arteko lehiaketa da. Alabaina, herrialde bakoitzak erabakitzen duenez Europako lehiaketara bidaliko dituen ikasleen profila, EuroSkillsen lanbide-heziketako eta unibertsitateko ikasleek ez ezik, langile gazteek ere hartzen dute parte. 

Lehiaketak ikasleen lanbide-trebeziak neurtzen ditu. Andoaingo La Salle Berrozpeko Diseinuko ikasleak azken lau edizioetan izan dira Euskadiko eta Espainiako txapeldunak (2011n, 2013an, 2015ean eta 2017an), eta, ondorioz, urte horietan guztietan WorldSkillsen lehiatzeko aukera izan dute, azkena Abu Dhabin, Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan.