Lanbide Heziketako enplegagarritasuna

Enplegagarritasun osoa duten industria-arloko LHko zikloetan izena emateko epea ireki da.

Astelehen honetan, ekainaren 3an, irekiko da Euskadiko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetan behin-behineko izen-ematea egiteko epea. La Salle Berrozpek industriaren edo zerbitzuen alorreko LHko zikloetako bat egitera animatzen ditu gazteak.

Zehazki, industriaren alorreko LHko prestaketa-zikloek ia % 100eko enplegagarritasuna dute, eta lan-merkatuan berehala hasteko aukeraz gain, gero unibertsitatean sartzeko aukera ere eskaintzen diete gazteei. Alabaina, La Salle Berrozpeko kideek azaldu dutenez, LHak «askotan, ezezagun handia izaten jarraitzen du, hala familientzat nola ikasleentzat eurentzat, eta bereziki neskentzat».

La Salle Berrozpeko kideek adierazi digutenez, LH Dualeko modalitatea (ikasketak eta lana txandakatuz) egiteko aukera dute ikasleek, horretarako baldintzak betez gero. Gaur egun La Salle Berrozpeko industria-zikloetako ikasleen % 40k LH Dualeko modalitatean egiten ditu ikasketak.

Prestakuntzako azken hiru hilabeteak enpresan bertan egiten dira: Lantokiko Prestakuntza esaten zaion hori. Izan ere, etorkizunean langileak izango diren ikasleak bilatzeko arazo handiak izaten dituzte enpresek. Horregatik, heziketa-zikloek neskei nahiz mutilei eskaintzen dizkieten lan-aukera ugariak ezagutzearen garrantzia azpimarratu nahi du La Salle Berrozpek. Hala, industriako nahiz zerbitzuetako zikloak egiteko interesa dutenek behin-behinean izena emateko aukera dute, momentuz leku libreak daudela aprobetxatuz. 

Bi ikasturtetan egiten diren heziketa-zikloetan erronketan oinarritutako metodologia berritzailea erabiltzen du ikastetxeak: ezagutza teoriko eta praktikoak uztartu behar izaten dituzte ikasleek, benetako arazoak lantaldean burutzeko.