HHZZ - Ekintzailetza-sariak

La Salle Berrozperen proiektu batek gizarte-enpresarik onenaren saria lortu du Euskadiko LHko ekintzailetza-sarietan

La Salle Berrozpe ikastetxeko ekintzailetza-proiektu batek, gaur egun “Xabier Mujika costume+space” enpresa denak, joan den ikasturtean sortutako gizarte-enpresarik onenaren saria jaso du gaur Urratsbat programaren eskutik. Programa horrek Tknika (Eusko Jaurlaritzaren erakundea) du gidari eta ekintzailetza sustatzen du Euskal Lanbide Heziketako ikasleen eta ikasle ohien artean. 

Saria Tknika, La Caixa Fundazioa eta Repsol Fundazioa babesle dituen Euskadiko Lanbide Heziketako ekintzailetza-sarietako bat da hori. Aurtengo edizioan, Urratsbatek 2.500 euroko sariak eman ditu honako arlo hauetan: teknologia, industria, gizartea, zerbitzua eta emakumezko ekintzailea. 

Lanbide Heziketatik datozen ekintzaileek euren enpresak sortzea du helburu  sari horien bidez, dela sozietateak eratuz, dela banakako enpresaburu bezala. Eginkizun horretan, LHko ikastetxeek laguntza ematen diete ekintzaileei, proiektuak dinamizatuz, administrazio-zereginetan aholkularitza emanez, negozio-plana osatzeko prozesuan lagunduz eta abar.

Enpresa

Joan den ikasturtean, La Salle Berrozpek aholkua eman zion Xabier Mujika ekintzaileari, enpresaren negozio-plana egiteko eta enpresa garatzeko. Gaur egun, “Xabier Mujika costume+space” enpresak jantzi eta eszenografiak diseinatzen eta gauzatzen ditu, baita dantza garaikideko arte-lanak sortu ere. Mujika arkitektoa da, baina, horrez gain, Jantziteriako Prestakuntza Zikloa eta beste ikasketa osagarri batzuk egin ditu. Artearen eta dantza garaikidearen arloan hutsune bat ikusi zuen, obra bakoitzean bere bezeroei behar dutena eskaintzeko.