Zikloak - Enpresa industrial onenari saria

2017/06/25

La Salle Berrozperen ekintzailetza-proiektu batek jaso du enpresa industrial onenari Urratsbat programak ematen dion saria. Keyway Chaveteros S.L. enpresa da, gaur egun, proiektu sariduna, zeina hautagai ugari eta zeharo ezberdinen artean aukeratu duten. Ekintzailetza sustatzen du programa horrek Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleen eta ikasle ohien artean, eta Eusko Jaurlaritzaren Tknika zentroa du gidari.Aurten, 2.500na euroko lau sari banatu ditu Urratsbatek (berrikuntza-, teknologia-, industria- eta gizarte-alorretakoak), Euskadiko Lanbide Heziketaren ekintzailetza-programan.

LHn ikasi dutenei beren enpresa sortzen laguntzea da Urratsbaten helburua. Sozietatea edo kide bakarrekoa izan daiteke enpresa berria, eta ikastetxeekin elkarlanean eratzen da: haiek sustatzen dute proiektua, administrazio-alorrean aholku ematen dute, negozio-plana prestatzen laguntzen dute... 
 
Asteasun dago Keyway Chaveteros SL enpresa, La Salle Berrozpen sortua 2015-2016 ikasturtean. Ikastetxe horretatik gidatu zituzten proiektuaren hiru sustatzaileak, ikasle ohiak egun: Iñaki Jiménez (mekanizazio bidezko ekoizpena), Maikel Hurtado (ekoizpen eta diseinu mekanikoa) eta Aritz Marcos (CNC-tornua). 
 
Kalitate handiko eta bezeroaren premien araberako mataderen mekanizaziorako enpresa industrial bat sortu nahi zuten hiru lagun horiek. Biraketa-transmisioa, indarra eta potentzia bermatzeko ardatzetan edo zuloetan axialki mekanizatzen diren artekak dira mataderak.
 
Ekintzaile proiektuen programan sartu zuten proiektua, eta, martxan jarri zuten arte (2015eko abendua), Saiolan arduratu zen haren jarraipena egiteaz (Enpresen Berrikuntza eta Garapen Zentroa da Saiolan). 
 
Estatu espainiarrean hedapen handia izan dezake Keyway Chaveteros enpresak; hori dela eta, makineria gehiago erostekotan dira, eta langile gehiago kontratatzekotan. Hiru langile ditu gaur egun; azkena, Trebakuntza Zikloko ikasketak La Salle Berrozpen egiten ari den ikasle bat, Dual sistemari jarraikiz kontratatua.
 

Partekatu