LA SALLE BERROZPEn BERRITU EGITEN GARA BERRITUZ

Berrikuntza ez da berria gure ikastetxean; izan ere, beti ari gara gure lanari etekin handiena ateratzeko asmotan eta eraginkorrenak izateko asmotan bide berriak bilatzen. Bide berri horiek, jakina, esparru pedagogikoan urratzen ditugu baina baita kudeaketan eta teknologian ere. Une honetan tarte hau, aurten gure ikasleekin esparru pedagogikoan lantzen ari garen proiektuen berri emateko hartuko dugu.

IKASKUNTZA KOOPERATIBOA: ikasten kooperatu, kooperatzen ikasi.

Lehen Hezkuntzan lantzen ari garen proiektua da. Proiektu honen helburua, aniztasunari erantzun egokia ematea da. Argi dago gure eskolan aniztasuna ematen dela, mota guztietako haurrak aurkitzen ditugula: gaitasun handiko haurrak, gutxikoak, kanpokoak diren ikasleak, arazoak dituzten haurrak...  Eta horri erantzuteko zerbait egin behar dugu.
Ikaskuntza kooperatiboa talde lanean oinarritzen da.Taldeetan lan egiten badute, ikasleek  elkarri lagunduko diote eta  modu honetan, bakoitzak zerbait eskaini edota jasotzeko aukera izango du.
Iaz ekin genion proiektu honi eta aurten proiektua eraginkorra izatea espero dugu.

SEIN

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBHn) lantzen dugun proiektua da eta La Salle ikastetxeekin elkarlanean ari gara bidea egiten. SEIN proiektua garatzean kontuan izan dugu zein ikasleria dugun, nolako ikasleak nahi/behar ditugun eta nolako heziketa eskaintzen ari garen. Funtsean, ikasle ekintzaileak, arazoei aurre egiten dakitenak ... nahi ditugu.

SEIN proiektuan ikasleak marko edo esezenategi batean jartzen ditugu eta “proiektuak” garatu behar dituzte: hasi ideiak sortzetik; ondoren, ideiak hautatu eta lehenetsi; ideia horiek landu informazioa bilduz; informazio hori guztia kudeatu eta azken emaitza, proiektu proposamena aurkeztu.

Oinarrizko printzipioak, taldean lan egitea eta kooperatzea eta berritzaile izatea dira. Proiektu hauek dizplinartekoak  izaten dira eta ikasgai batzuen artean edo guztien artean lan daitezke, modu malgu eta integratzailean.

FIRST LEGO LEAGUE (FLL)

Ekimen hau 1998an sortu zuen Fundación First-ek (For Inspiration and Recognition of Science and Technology) eta  munduko herrialde askok parte hartzen dute, nahiz Euskadin lehen aldiz 2009-2010 ikasturtean antolatu.

FLL robotikari buruzko nazioarteko txapelketa bat da, 10-16 urteko gaztetxoei zuzendurikoa, kirol jazoera formatua duena. Bere helburua gazteak zientzia eta teknologiarekin dibertitzea eta hunkitzeaz gain, heziketaren ezinbesteko arlo diren sormena eta berrikuntza bultzatzea ere badira.

Gazteetan sormena, pentsamendu analitikoa, lan taldea eta, batez ere, berrikuntza baloreak bultzatzea ditu xede nagusi, jakintza teknologiko eta zientifikoak garatuz, era berean.
FLL nazioarteko txapelketa bat da eta mundu osoan aldi berean eta arau eta betebehar berdinekin jokatzen da. Euskadin antolatzailea Innobasque da. Euskadi mailako lehiaketan garaile diren taldeak, estatu mailako fasera pasatzen dira eta, han, mundu mailako lehiaketan parte hartuko dutenak aukeratuko dituzte.

Azpimarratzekoa da ikasleak beraiek direla ekintza hauek guztiak zuzenean burutzen dituztenak, izen-ematetik hasi eta lehiaketa egunean proiektuaren defentsarekin amaituz, tartean ingurukoen laguntza ere jasoz (gurasoak, lagunak, irakasleak, etab) eta proiektuaren berri emateko bideak sortuz (blogak, aurkezpenak, komunikabideekin elkarrizketak, …).

Aurten ere gure iksale talde batek parte hartuko du lehiaketan. Lehengo urtean Europar fasera iritsi ginen eta Estambulera joan ginen. Aurten noraino?

Gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa.

Hezkuntzako Lege Organikoak (HLO) onartu duenez, gaitasunetan oinarritutako prestakuntza da irakaskuntzaren ardatz nagusia etapa guztietan, eta horrek iraultza txiki bat sortu du Lanbide Heziketan. Gure ikastetxean lehenago ere ezagutzen genituen erreformaren espiritua eta haren inplikazioak, eta, gure irakasleak gaitasunen filosofia aplikatzen saiatuak ziren ikasgeletan eta tailerretan. Orain, lege-betebeharra ere bada, eta ez dago saihesterik.Horregatik, gaitasunak garatzea eta ebaluatzea da oraingo erronka. Eta teoriak  alde batera utzita lanerako baliagarri izango den tresna sortzea pentsatu genuen. Lanari bakarrik ekin ordez, Durango Maristak ikastetxearekin elkarlanean ari gara proiektua garatzen.

Horretarako, HETELen Berrikuntza Pedagogikorako Batzordeak garatutako lan bat hartu genuen oinarritzat: “Lanbide Heziketako ikasleentzako funtsezkoak diren hamar gaitasun”. Emaitza Excel kalkulu-orri baten gainean programatutako artxibo informatikoa izan da.. 2009 -2010 ikasturtean zehar La Salle Berrozpe Lanbide Heziketako irakasle batzuek erabili dute eta aurten irakasle guztiak ari dira erabiltzen.

Tresnak hausnarketa hau du oinarrian: ikasleen ebaluazioak bat etorri behar du ikasgeletan eta tailerretan erabilitako irakaskuntza-metodologiarekin, eta batak zein besteak legeriak eskatzen dituen funtsezko gaitasunetan oinarritu behar dute. Izan ere, azken urteetan metodologia berriak txertatzen aritu gara heziketa zikloetan (Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza – PBL, sormena eta ekimena sustatzen...) eta aldaketa hauek lan egiteko modua aldatu dutenez, ebaluatzeko modua aldatzea ere ekarri dute.

Irakasleak erabiltzen ari diren tresna honek matrize bat dauka, eta, bertan, ebaluatu nahi diren edo behar diren gaitasun guztiak daude bilduta, eta adierazle zehatz batzuk. Adierazle sorta horren bitartez, eguneroko jardunera ekarri nahi dira batzuetan “abstraktuegiak diren gaitasunak”. Irakasleek tresna erabiltzean, ebaluatu nahi duten gaitasuna aukeratu eta gaitasun horri lotutako azpigaitasun eta adierazleak baloratzen dituzte. Aurrez gaitasun horiek azken emaitzan izango duten eragina zenbatekoa izango den definitu behar izan dute ehun puntuko eskala batean. Honela, nahiko modu errazean, irakasleek puntuazio zehatz batez lagundutako metodo samur baten bidez islatzen dute ikaslearen lorpen maila.
 

 

Partekatu