"Eskola Jasangarria" ziurtagiria berritu dugu

2017/06/07

Gaur, Ingurumenaren Mundu Egunean, La Salle Berrozpek jasangarritasunaren alde egiten duen apustua berretsi du, “Eskola jasangarria” ziurtagiria berritzea lortu baitu. Diploma horrek ikastetxeko hezkuntza-komunitate osoak hezkuntza alorrean egin duen ahalegina eta ingurumenarekiko bere konpromisoa aitortzen ditu. Horretarako, baliabideen erabilera arduratsua egin behar da, eta ikasleak ez ezik, hezkuntza-komunitate osoa –ikasleak, gurasoak, irakasleak eta irakaskuntzaz kanpoko langileak– sentsibilizatu eta prestatzeko lan egin behar da. Horri esker, bigarren aldiz berritu ahal izan du ziurtagiria −La Salle Berrozpek duela hamarkada bat hartu zuen konpromiso hori−. Hain zuzen, ziurtagiria duten ikastetxeek lau urtez behin berritu behar dute agiria.

Diplomak emateko ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakari jauna izan da buru, eta bertan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Iñaki Arriola sailburua eta Hezkuntza Saileko Cristina Uriarte sailburua. Horiek arduratu dira diplomak emateaz ikastetxeko irakasleei. Lehen Hezkuntzako arduradun Aitor Azurmendi eta Agenda 21 programaren arduradun Marta Agudo irakasleek jaso dute agiria, La Salle Berrozperen izenean. 
 
“Eskola jasangarria” ziurtagiria, Eskola Agenda 21 programa bost urtez garatu ondoren, adierazleetan, autoebaluazioan eta ebidentzia-ekarpenean oinarritutako ebaluazio-inprimakia borondatez betetzen duten ikastetxeei egiten zaien aintzatespena da. Gainera, ikastetxeek kanpo-ikuskaritza bat gainditu behar dute agiria jaso ahal izateko. 
 

Partekatu